martes, 3 de febrero de 2015

Magia beltza

Magritte-ren La magie noire koadroaren
bertsioa, Amaya Cía-k margotuta


I
Hitzak ahoskatzen ditut: itsasoa, arroka, lurrunontzia, emakumea, zerua. Itomena, nerabe baten begirada, ura biriketan. 1912. 1945.

II
Soinekoak amaren aurpegia estaltzen du uraren azpian. Begietan ekaitzen ahotsak gordetzen zituela diote, noizbait lainoa maitale izan zuela. Soinekoak estaltzen ditu orain amaren zeru-begiak.

III
Itsasotik zerura ametsa. Lurretik itsasora ezeztapena, zerutik lurrera gorputzak.

IV
Amaren itzala enara baten hegaldia zen. Suzko enara batena.

V
Ez dakit esaten urak nora daraman: basora, ispiluen odolera ala etenaldi batera. Ez dakit esaten suntsitu, ez dut inoiz itsasoa ikusi. Eta ez dut ama izateko desiorik, lurra eta zeruaren arteko gorputz honetan. Urak eraman nazala. 

VI
Lurrunontziak itsasoa zeharkatzen du. Itsasoaren gainean, zerua. Emakumea zerua da. Emakumea lurra da. Arroka emakumearen euskarri. 

VII
Pintoreak emakumearen zeruzko bularrak marrazten ditu. Ez dio aurpegia estaltzeko soinekorik jantziko. 

VIII
Itsasoaren gainean, lurra. Zeruaren gainean, itsasoa. Emakumea arroka da. Itomena uraren euskarri. Lurrunontziak emakumearen gorputza zeharkatzen du. 1912. 1945.


Oharra: 1912ko martxoaren 12an Magritte-ren amak bere buruaz beste egin zuen, Sambre ibaian itota. 1945ean pintoreak La magie noire (Magia beltza) koadroa amaitu zuen. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario